HANKA LUZE

Hankaluze Trail taldea sortu da gero eta jende gehigok korrika egiten duelako mendian. Talde honek mendiaz gozatzeaz gain, beste korrikalarien konpañiaz entrenatzeko eta disfrutatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Gure ateak zabalik daude edonorentzat, jakin badakigulako zenbat eta gehiago izan, orduan eta onura gehiago dakarrela.

HANKALUZE TRAIL

 

Bizkaiko Zaramillo herrian, 2012ko otsailean Bergarako bi lagun Apuko Igoeran lokatzetan korrika jardun ostean hasi zen Hankaluze-Trail egitasmoa garatzen. Xabier Lijók eta Joxe Mari Gabilondok etxera bidean Bergarako mendi korrikalariak lasterketatara elkarrekin joatea ederra izan zitekeela pentsatu zuten.

“Esan eta egin! Hurrengo astean Bergaran bildu ginen Xabier Lijó, Fer Rodriguez eta hirurok mendi lasterketa taldeari itxura emateko. Xabierrek izena garbi zeukan, Hankaluze-Trail, eta taldea sortzeko lehen urratsak ematen hasi ginen”, gogoan dauka Joxe Mari Gabilondok. “Pol-Pol Mendizale Taldearen babespean, 2012ko udazkenean lehen bilera publikoa antolatu eta hogeita hamar mendi korrikalari inguru bildu ginen egitasmoari beharrezkoa den hauspoa emanez. Hau horrela, 2013ko otsailaren 17an Antzuolako zortzi milien lehen edizioan egin zuen bere debut ofiziala Hankaluze-Trail Bergarako Mendi Lasterketa Taldeak”.

“Taldea hasieratik kondizio ezberdinetako kideak biltzeko gai izan da. Gazte zein heldu, emakume zein gizon… kide bakoitzaren preferentziei erantzunez era guztietako probetan parte hartu izan dugu, lasterketa motz zein luzeetan. Urteak pasa ahala, kide batzuk joan eta berriak etorri dira, ekintza ezberdinak egin ditugu eta leku ugaritara irten gara lehiatzera, etxetik gertu zein urruti… horrek guztiak aberasten duelarik taldearen nortasuna. Debagoiena, Euskal Herria, Pirinioak, Picos De Europa, Kanariar Irlak… estatu mailan aski ezaguna egin da Hankaluze-Traileko kolore gorri adierazgarria. 2017an, beste pausu bat eman eta atzerrira egin dugu salto, besteak beste Italiako Dolomitetan eta Saharako Maratoian lehiatuz”.

Edonola ere, ezin dugu taldearen historian pasarte garrantzitsuenetariko bat ahaztu. 2014ko abenduaren 31an Euskal Herriko lehen Mendi San Silbestrea antolatu zuten Bergaran. Esperotakoa baino arrakasta handiagoa izan zuen lasterketa hark, eskuragai jarri zituzten berrehun dortsalak bi astetan agortu baitziren. Jendearen erantzuna ikusita, berrogeita hamar dortsal gehiago atera behar izan zituzten. 2015ean eta 2016an ere antolatu zuten lasterketa eta hirurehun korrikalarik eman zuten izena. Gaur egun, Bergarako Mendi San Silbestrea erreferente bat da Euskal Herriko mendi lasterketen artean. Horretaz gain, azken ediziotan helduentzako lasterketarekin batera, haurrentzako San Silbestre Solidarioa ere antolatu dute Bergarako Elikagaien Bankuarekin eta Bergarako Azokako guraso taldearekin elkarlanean.

2017ko edizioan marka guztiak hautsi ziren. 375 dortsalek hartu zuten parte eta horietatik 74 emakumezkoenak izan ziren. Bergarako San Silbestre traila herri mailako mendi lasterketa da, baina parte hartzaileen artean mundu mailan aurrean ibili diren Maite Maiora eta Oihana Azkorbeitia irteera puntuan izan ziren. Azken hau lehena izan zen emakumezkoen sailkapenean, Maite Maiora eta Bergarako Lidia Peñaren aurretik.

“Harrera ezin hobea dauka lasterketak, partaidetza handiarekin. Gero eta zaletasun handiagoa dago herrian.

Plazatik irten, trenbidera joan, trenbidetik Bolura, gero Aranera, handik Anguara, gero trenbidera berriz eta Plazara. Guztira 6,4 km. Oso ibilbide polita da. Kanpotik ere badator jendea, Madrildik, Kataluniatik eta Murtziatik adibidez. Madrildik, esaterako, urtero datoz,” gogoratzen du Xabier Lijók. Taldearen eta lasterketen inguruko albiste eta argazki guztiak Josu Letek kudeatzen duen taldeko Facebookean jarrai daitezke.

Joxe Mari Gabilondoren esanetan, “mendi korrikalariak gara, lehia gustuko dugu, baina horren gainetik mendizaleak gara, mendia maite dugu. Hankaluze-Trail taldeak 2012an bota zituen sustrai sendo haietatik zuhaitz ederra hazi da, eta etorkizunean batuko diren korrikalariekin kimu berriak sortuko direlakoan gaude”.

GAZTEAK

 

 

Pol-pol gazte taldia ga, hilabetian behin elkartzen gan taldia.

 

 

BETERANOAK

 

 

Beteranoen saila 1978an sortu zutenenik 400en bat irteera antolatu dituzte

 

 

MENDIA BIZIRIK

 

 

Sentsibilizazio jarduerak eta biodibertsitatea ezagutzeko ikerketak.

 

 

*

ESKALADA

 

 

Bergara, euskal eskaladaren ardatza: rokodromoa eta txapelketa.

 

 

MUSHING

 

 

Mushing kirolaren jatorria Alaskan 1925ean Europan 1965ean.

 

 

POL-POL MENDIZALE TALDEA

Pedro Deunaren 10 · 20570 Bergara [Gipuzkoa]
943 764 851
747 405 876
polpol.menditaldea@gmail.com