BETERANOAK

Beteranoen saila 1978an sortu zutenenik 400en bat irteera antolatu dituzte, urtean dozenaren bat inguru. Damaso Gallastegiren esanetan, “oraingo beteranoak hein handi bat orain dela 40-50 urte gaztetxoekin aritzen zirenak dira, gero gaztetara pasatu eta denboraldi batean Pol-Poletik aldendu baina berriz bueltatu zirenak. Bizitza guztia Pol-Polen arrimura”.

Hanketan ez ezik, odolean ere Pol-Pol daraman Gotzon Bikuña aspalditik ari da beteranoen sailean buru-belarri. “Azkenego 30 urtean beteranoen irteerak antolatzen dihardugu Jose Mari Rubiok, Javier Muguruza Beosinek eta hirurok. Jesus Alvarez, Gorlako ordezkaria, gurekin aritzen da baita ere. Otsailetik azarora arte antolatzen ditugu ibilaldiak. Abuztuan oporrak. Bi irteera fuerte. Espainia osoan ibili gara, Madrileraino ezker-eskuma. 2015eko batez bestekoa, esaterako, 51 lagunekoa izan zen. Inguruan ez dago horrelako dinamikarik. Donostiako Vasco de Camping kenduta, ez dago antzekorik Gipuzkoan. Aretxabaletatik sei-zortzi lagun hurbiltzen zaizkigu; Arrasatetik hiruzpalau. Berrogeita piku urtekoak dira gazteenak eta hirurogeita bost ingurukoak helduenak”.

“Aurrez ibilaldia ikustera joaten gara beti. Egindako ibilaldi denak bitan egin ditugu antolatzaileok, eta batzuetan hirutan ere bai. Madril aldera, esaterako, hiru aldiz joan ginen. Normalean hirurok joaten gara. Besteren batzuk ere etortzen dira laguntzera: Jose Mari Urzelai, Luis Ezenarro, Roberto Olañeta… Dena oso lotuta eramaten dugu. Autobusean ibilbidearen planoa ematen zaie denei beti. Ibilbidea, desnibela, mendirako aholkuak… Ibilaldira datozen guztiek baloratzen dute gure antolaketa. Mertxe Castillejo arduratzen da ibilaldietako argazkiak ateratzeaz eta komunikabideetan eta sare sozialetan zabaltzeaz. Orain arte Juan Mari Sasigain izan da arduraduna.”

Gaur egun Pol-Poleko lehendakaria den Bittor Alberdik argi dauka: “Pare bat aste lehenago lekuetara joatearena ez da beste inon egiten. Bidea ezagutzeaz gain, ostatu merkea eta egokia lortzea ere garrantzitsua izaten da, plan A eta plan Ba erabaki, autobusa nondik pasa daitekeen aurrez ikusi, eskuorria idatzi… Ni urtetan beti txoferrarekin izendatzen ninduten logelan eta beti brometan esaten nien egunen batean emakumezko txofer bat etorriko zela. Eta halaxe gertatu zen behin. Orduan izan ziren barreak eta komeriak. Lasaitu zen txoferra gela nirekin ez zuela partekatu behar jakin zuenean.”

Pol-Pol-beteranoak

2017/07/03. Frontoiko Pol-Poleko bulegoan. Ezkerretik eskumara: lehen planoan, Jabier Muguruza, Luis Ezenarro eta Jose Mari Rubio,beteranoen saileko kideak; atzeko planoan, Jaione Ibarguren, elkarteko idazkaria, eta Bittor Alberdi, lehendakaria. [(f) M.A.E./(a) M.A.E.]

Pol-Pol-beteranoak3

2014/09/07 Pol Poleko beteranoak. Tozal Mallo-Faja Racon zeharkaldia. [(f) M.A.E./(a) M.A.E.]

Aitor Erañaren esanetan, “50 lagun kanpora joaten garenean, hotela lotu, prezioak adostu eta logelak ere izendatu… Planifikatzeko astelehenetan elkartzen direnean erabakitzen dituzte horrelakoak. Igo beharreko lekua nolakoa den, denentzat aproposa den… sentsibilitate handiarekin prestatzen digute ibilaldia.”

Ibilbide bakoitzerako lau orrialdetako eskuorri bat prestatzen dute antolatzaileek: lehen orrialdean deialdia, hurrengo bietan mapa eta atzealdean inguruneri buruzko informazioa, paraje haietako gastronomia, osasun aholkuak, larrialdietan zer egin, lehen sorospenak, perretxikoei buruzko datuak, hegazti, animalia edo landareei buruzkoak…

2017an Pol-Pol elkartearen 75. urtemuga ospatzeko irteera berezia antolatu zuten: ekainaren 3tik 10era La Palma uhartera joan ziren. “Toki denetara aurrez joaten gara, baina Kanarietara ez ginen joan…”, azaltzen du Jose Mari Rubiok. “Hala ere lehenago paraje haietan ibilita nintzen. Dena primeran atera zitzaigun. Txoferra ere oso ondo portatu zen gurekin.” 

Pasadizo txarren bat ere izan dute, Gotzon Bikuñak gogoratzen duenez, “Pol-Polek 1992an 50 urte bete zituenean esperientzia oso txarra izan genuen. Hiru egunerako joan ginen Covaledara (Soria). Lehenengo egunean Cañón del Río Lobo egin genuen; 40o eta ia denok erdi narru gorritan, deshidratatuta. Hurrengo egunean, 10-12o 0o azpitik. Urbión (2.228 m.) mendia igo eta izotza, lainoa eta ekaitza sartu zen eta ordu erdian dena izoztuta. Artilezko gorro denak zuri-zuri eginda geneuzkan. Joxe Balenziaga arrakala batean erori zen eta zintzilik geratu zen, motxilak eusten zuen izotzetan. Hankak airean. Bueltan, ilaran eta hamar minuturo kontaketa egiten genuen, denak zenbatuz. Ez dut uste inoiz hainbeste hotzik pasa dudanik. Eskapada ederra! Bestela, hainbeste urtetan ez dugu inongo gorabeherarik izan”. 

Jose Mari Rubioren iritziz, “beteranoena sailik iraunkorrena izan da, baina izan ditu bere makalaldiak ere. Hogeita hamar elkartzea arrakasta zeneko garaiak ezagutu ditugu. Orain berrogeita hamarretik gora joaten gara. 2013an mugarrien ibilaldiak hasi zirenean indartu zen beteranoen saila. Batzuk uste zuten ibilaldi luzeak edo neketsuak izango zirela, baina konturatu zirenenean ez zela horrela, jende asko animatu zen. Jendeak beldurra kendu du, herrikoia bihurtu da.

Jendeari leku berriak ezagutzeko aukera eskaini diogu; betiko lekuez gain paraje berriak ezagutu ditugu: Cuenca, Soria, Salamanca, Caceres, Segovia… mendi desberdinak eta turismo apur bat ere bai. Orain lekukoa utzi behar diegu atzetik datozenei. 2018tik aurrera antolatzaile berriak izango ditu beteranoen sailak. Egin ditugu fitxaje batzuk: Mikel Mirena Agirrezabal, Juan Mari Sasigain, Jose Mari Urzelai, Alfredo Crespo eta Jose Inaxio Larrañaga, besteak beste.

Mikel Mirena Agirrezabalen iritziz, “guretzako Pol-Pol zerbait berezia da. Mendira eraman gaituena bera izan da, toki asko ezagutzeko aukera eman diguna. Ni ia beti beteranoekin ibili naiz, hogeita bost urte nituenean ere beteranoekin ibiltzen nintzen. Pirinioetako bazter guztietara joan gara, Picos de Europara, Caceresko, Burgosko edo Leongo mendietara, aurten La Palmara… Oso giro ederrean beti. 34 urte daramatzat beteranoen taldean, beti gauza bereziak egiten. Mendia gustatuz gero, gozatzeko aukera paregabea.

Orain lekukoa hartuko dugu, ilusioz gainera. Hori da aurretik egon direnei eskertzeko daukagun modua.”

Pol-Pol-beteranoak2

2017/10/12-15. Pol-Poleko beteranoak Serranía de Cuenca parke naturalean. Ezkerretik eskumara: zutik, Javier Ezpeleta, Jose Ma Maiztegi,Joxe Balenziaga, Izaskun Agirregabiria, Jose Kruz Ibarguren, Marisabel Ruiz de Egino, Sokorro Unanue, bere atzean Juan Miguel Pagaldai, Itziar Alustiza, bere atzean Bittor Alberdi, Juan Carlos Marquez, Jose Mari Rubio, Rafa Bengoa, Javi Irure, Agustin Iñarra, Josu Okina, Ilu Garzia,Felipe Iglesias, Jose A. Antxia, Fatima Arregi, Alazne Mujika, bere atzean Xabier Larrañaga, Mertxe Elexpuru, Pili Fernandez de Retana, Jesus [(f) M.A.E./(a) M.A.E.]

GAZTEAK

 

 

Pol-pol gazte taldia ga, hilabetian behin elkartzen gan taldia.

 

 

MENDIA BIZIRIK

 

 

Sentsibilizazio jarduerak eta biodibertsitatea ezagutzeko ikerketak.

 

 

)

HANKA LUZE

 

 

Hankaluze Trail gero eta jende gehigok korrika egiten duelako mendian.

 

 

*

ESKALADA

 

 

Bergara, euskal eskaladaren ardatza: rokodromoa eta txapelketa.

 

 

MUSHING

 

 

Mushing kirolaren jatorria Alaskan 1925ean Europan 1965ean.

 

 

POL-POL MENDIZALE TALDEA

Pedro Deunaren 10 · 20570 Bergara [Gipuzkoa]
943 764 851
747 405 876
polpol.menditaldea@gmail.com