ESKALADA
Bergara, euskal eskaladaren ardatza: rokodromoa eta txapelketa
1986ko azaroan eskalada saila eratu zen Pol-Polen, bazkideen artean eta Bergarako mendizale eta interesatu guztien artean eskalada zabaltzeko asmotan. Horretarako hainbat jarduera proposatu zuten: aldizkari espezializatuetan harpidetza, diapositiba eta pelikula emanaldiak, mendi irteerak, eskalada ikastaroak eta bereziki, herrian rokodromo bat eraikitzea.
Azken hau izan zen helbururik nagusiena eta eskalada saila sortzearen arrazoia. Eskalatzaileek Pol-Polen babesa behar zuten udalari proiektua aurkeztu ahal izateko, eta halaxe egin zuten handik hilabete batzuetara, 1987an.
Joxean Mulasek gogoratzen duenez, “Jose Luis Elkoro zen orduan alkatea eta Anaje Narbaiza zinegotzia. Momentu horretan gure heldulekua Damaso Gallastegi izan zen eta berarengana jo genuen. Beti jotzen genuen berarengana. Adibidez, Kartxela mendira joan nahi izanez gero, berari galdetzen genion, orduan internetik ez baikeneukan. “Bigarren elurtea, ez zaitezte joan” aholkatzen zigun, baina guk baietz, eta hara iritsitakoan Damasok arrazoi, eta buelta etxera. Bera zen gure aholkularia, gure maisua. Damasok asko erakutsi eta lagundu zigun. Frantziako rokodromoen berri eman genion eta txosten bat prestatu genuen. Gero Pol-Polen aurkeztu eta azkenik udaletxera.”
“Eskalada klasikoa betidanik praktikatu du Pol-Pol-ek, jende fidela izan du, baina ez zuen kirol-eskalada pasatzen utzi nahi. Pirinioetan izugarrizko mailan, Alpeetan, Andeetan, Himalayan… eskalatu dute polpoldarrek . Ez da inoiz herren geratu. Pol-Polen eskalada saila sortu zen rokodromoa Vlortzeko egitura ofizial bat behar zelako. Egitura eta babesa eman zitzaion. Jose Luis Elkoro berrikuntza zalea zen eta baita mendizalea ere: horrek asko lagundu zuen. Bere alboan Anaje Narbaiza zeukan eta hark hasieratik azaldu zuen interesa. Udaletxeak jarri zuen dirua eta kokapena erabaki zuen, Pol-Polek eskulana, Bergarako margolariek marrazkiak…
Azkenean, mendizale elkarteak eta udaletxeak koordinatuta, 1988an Gipuzkoako lehenengo rokodromo arautua eta Euskal Herriko bigarrena egin genuen Bergaran.”
Anaje Narbaizak ondo gogoratzen du Pol-Polekoen eskaera: “Jakin ere ez nekien zer zen rokodromo bat. Baina Pol-Polen garai hartan Andoni Larrañaga, Damaso Gallastegi eta beste hainbatek sekulako ilusioa zeukaten rokodromoarekin eta azaldu ziguten Bergaran sortuta zegoen zaletasun berria. Orduan aukera modura hartu eta herriak bultzatzeko konpromisoa hartu genuen. Beste hainbat gauzetan bezala,
Bergarako rokodromoa auzolanean egin zen. Beraiek asko inplikatu ziren pareta behar zen materialarekin janzteko eta bestalde Bergarako pintore batzuk, Riki Azkargortak, Bigen de Pedrok… hormak pintatzeko diseinu bat aurkeztu zuten eta onartu ondoren, pintatu egin zuten.Gogoratzen dut oso ondo geratu zela. Pol-Polek berrikuntzarako eskainitako aukera aprobetxatu zen, eta gerora ikusi da zenbat fruitu ekarri dituen”.
“Gu serioak ginen eta serio jokatu genuen.” Baieztatzen du Joxean Mulasek. “Felipe Uriarte lehendakari zenean ere Pol-Polera seriotasun berarekin joan ginen eskalada sail bat proposatzera. Eta gure proposamenak bultzatu zituzten. Hala egin izan ez balute ez genukeen rokodromorik egin izango, ezta gero inongo txapelketarik antolatuko ere. Adorea izan zuten erabaki hura hartzeko. Pol-Polen babesarekin udalean egindako eskaerek pisu handiagoa izan zuten. Ordainetan hainbestero Pol-Poleko gaztetxoak eskalatzera eramaten genituen. Primeran geratu zen rokodromoa. Geure diseinuak jarraituz Zubikuako kaldereroek ere lan oso ona egin zuten.”
Felipe Uriartek emandako babesa azpimarratzen du: “Direktiban ere ez zegoen eskaladan aritutakorik, baina gu talde bezala aterkia izan ginen.”
Rokodromoaren inaugurazioa egin zenean inguruko eskalatzaile onenak etorri ziren. Patxi Arozena, Willy Bañales, Ricardo Otegi, Josune Bereziartu, Angel Sánchez… Gainera, ordaindu egin zitzaien etortzeagatik.
Harrituta zeuden eskalatzaileak, ez baitzieten inoiz eskalatzeagatik ordaindu izan.
GAZTEAK
Pol-pol gazte taldia ga, hilabetian behin elkartzen gan taldia.
BETERANOAK
Beteranoen saila 1978an sortu zutenenik 400en bat irteera antolatu dituzte
MENDIA BIZIRIK
Sentsibilizazio jarduerak eta biodibertsitatea ezagutzeko ikerketak.
HANKA LUZE
Hankaluze Trail gero eta jende gehigok korrika egiten duelako mendian.
MUSHING
Mushing kirolaren jatorria Alaskan 1925ean Europan 1965ean.