ZEIN GARA

Pol-Pol Mendizale Taldearen 75. Urtemuga 1942-2017

 

Inoiz fruiturik jaso nahi bada, lehenengoz, hazia landatu behar da. Begiak itxi eta hori horrela dela sinetsita, belaunaldiz belaunaldi egindako lanari esker ospatzen ari gara gaur horrenbeste urte.

Sorreratik dago Pol-Pol gurean. Edo hobeto esanda: 1985ean Pol-Pol eta Pol-Pol moduko beste 39 elkarteek, Gipuzkoako Mendi Federazio honen hastapenean, eman ziguten gorputza eta gerora, urtez urte elkarrekin egindako bidean lagun, garenaren izaera.

Zenbatzen ditugu urteak. Ospatu ere bai, ezin ditugu eta mendizale bakoitzeko, bizitako emozioak zenbatu. Emozio horien sortzaile izan zareten guztioi, eskerrik beroena.

Hirurogeita hamabost urtetan zehar, lehenengo hazi hartatik gaur egunera arbola sendoa sustraitzen joan da: Pol-Pol elkartea. Hain dago sustraitua, ze arbola horren azpian jaiotakook, ziurrenez betidanik hor zaudetelako, ez zaituztegu faltan botatzen.

Espejismo hutsala da dena jakinda jaio ginela pentsatzea. Ez dakiguna internetek txibatzen digu.

Aldatzen ari da mundua, orpoa erakusten digu eta bere joan etorriaren ibileran, pertsonak pertsonekin elkartzeko beharra inoiz baino handiagoa bihurtu dela irakasten digu.
Eguneroko arinkeriari aurre egin ahal izateko inoiz baino beharrezkoagoa; belaunaldi berriekin batu eta naturaren erlojura egokitzea. Behar beharrezkoa, honainoko bidean jasotako eskarmentua, gerokoentzat, heziketa izatea.

Maldan gora goazenean, mendizaleok badakigu maldaren ostean beherako aldapa hasiko dela. Beharbada goian ertz edo lautadaren bat aurkitu genezake, baina abiapuntura itzultzeko igo genuen altuera jaitsi beharko dugu.

Gihar ezberdinak erabiltzen dira gorakoan eta beherakoan. Hori ere badakigu neurtzen. Hala ere ez gara inor mendian ikasi dugunari buruz Pol-Pol Mendizale Taldeak ez dakienik ehitzeko. Badaukazue Bergaran bertan arbolak emandako eta ematen jarraitzen duen nahiko fruiturik, bergararrak ez garen besteontzat ere mendizale eredugarriak.

Erraz esaten da “75 urte bete ditu Pol-Polek”. Esaldi arin horren atzean zeuek dakizue inork baino hobeto zenbat ahalegin dagoen.

Orain ospakizunen sasoia da. Beti festa den mendia, mundu zabalaren aurrean azaltzeko garaia.
Mila esker Pol-Pol. Zorionak Bergara. Zaindu arbola.

Lauri Urkiza

POL-POL MENDIZALE TALDEA

Pedro Deunaren 10 · 20570 Bergara [Gipuzkoa]
943 764 851
747 405 876
polpol.menditaldea@gmail.com