HISTORIA
Sorrera 1942
Gerra ostean langile batailoietatik, kartzeletatik edo soldaduskatik herrira bueltatu ziren gazteek (askok ez zuten bueltatzerik ere izan) ez zuten herrian ezer aurkitu, hutsetik hasi behar izan zuten. Egoerari erreparatuz gero, mendizaletasuna helduleku bat izan zen beraientzat. Gerra garaian herritik kanpo, familia eta lagunengandik urruti eta egoera latzak bizi izan ondoren, elkarrengan taldean aurkitu zuten babesa, eta mendizaletasunak hori erraztu egin zuen.
Lagun-taldeak igandetan mendira joaten hasi ziren eta beste herrietako lagunekin ere zaletasun hura partekatu zuten.
Eibarko Club Deportivorekin, esaterako, sarritan elkartzen ziren.
Bergarako lagun-talde haiek bateratu eta elkarte bat sortzeko premia sentitu eta behin San Martin plazako Bar Americano aurrean eserita zeudela, elkartea eratu eta legeztatzeko tramiteak hasteko erabakia hartu zuten zazpi lagunek. 1941.urtea zen. Luis Bikuña, Angel Jauregi, Periko Marko, Ignacio Muruamendiaraz, Alberto Osinaga, Antonio Raizabal bergararrak eta Manolo Zubia eibartarra izan ziren sortzaile taldeko buruak, baina atzetik 30-40 lagunen babesa izan zuten.
Elkartea legeztatzeko aholku eske Eibarko Club Deportivora jo zuten Luis Bikuñak eta Manolo Zubiak. Azken hau eibartarra izateak asko lagundu zuen.
Pol-Pol Mendizale Taldearen lehen urratsak
1941ean hainbat bilera egin eta elkartea izango zena legeztatu ondoren, 1942ko martxoaren 15ean egin zuten sorrera batzarra. Deialdiak eta Simon Arrietak okasiorako egindako orma-iragarkiak jende ugari erakarri zuten Bidekurutzeta kaleko Txoko tabernara. Pako Garikano eta Gregori Arratibel ziren tabernako nagusiak eta eskuzabaltasunez eskaini zien lokala lehenengo bilerak egin ahal izateko. Pako Pol-Poleko kaikuarekin eta ikurrarekin harro-harro egon ohi zen askotan mostradorean. Txoko tabernaren aurretik Tiburzio Garikanoren denda egon zen leku berean; bertan oihalak, abarketak, jute txirikordak eta kotoizko arropak saltzen zituzten. Ondoren El Americano taberna etorri zen eta segidan Txoko taberna. Gaur egun Depor tabernaren eta Bergara Kirol Elkartearen egoitza da.
Orduantxe abiatu zen ofizialki elkartea eta hurrengo astean aurkeztu zituzten estatutuak, 1942ko martxoaren 26an hain zuzen ere.
Garai hartan ezinezkoa zen agintarien baimenik gabe batzarrik egitea eta, zer esanik ez, elkarte bat sortzea. Batzarra iragarri bezain laster orduko alkateak, Rufino Beitiak, kontu eske deitu zituen udaletxera. Angel Jauregi joan zen azalpenak ematera. Txoko tabernako aurkezpenean kirol kontuetaz hitz egin behar zutela argudiatuz lortu zuen baimena.
Lehendakariaren izendapenak ere gobernadorearen onespena behar zuen, agintarien egokitasun froga gaindituz, eta bizpahiru aukera aztertu ondoren Felix Iñarra izendatu zuten.
Federazioko burua zen Angel Sopeñak ere begi onez ikusi zuen hautagaia, Iñarra bera mendizalea baitzen. Hamaika urte luzez izan zen elkarteko lehendakaria, 1953ra arte.